Viana Hiria

Erreserba ezazu zure logela

San Pedro elizaren

San Pedro elizaren

Andre Mariaren elizara

Andre Mariaren elizara

Viana-ko Udaletxea

Viana-ko Udaletxea

Las Cañas naturgunea

Las Cañas naturgunea

Longarreko Hipogeoa

Longarreko Hipogeoa

Torres del Río kupula oktogonala

Torres del Río kupula oktogonala

Urederra Ibaia

Urederra Ibaia

Logroño

Logroño

Vianako Hiria Artisautza Feria

“Vianako Hiria” Artisautza Feria

Viana

Viana hiri historiko eta monumentala Iruñetik 81 eta Logroñotik 9 kilometrotara dago. Nafarroako hego-mendebaldean kokatzen da, Kodes mendiaren eta Ebro ibarraren artean. 1219koa du fundazio data, Nafarroako Antso VII erregeak berreraiki eta Forua edo Arranoaren Erregalia eman zionekoa.

Prospekzio arkeologikoek historiaurreko eta historiako berrogeita hamarren bat aztarnategi azaleratu dituzte, eta horrek erakusten digu inguruko eremurik aberatsenetakoa dela gurea arkeologia alorrean.

Viana erakargarritasun handiko hiria da; historiaz eta artez josirikoa, arkitektura zibil eta erlijiosoaren museo bizia. Vianako harresiko bost ate zaharrak XIX. mende bukaerara arte itxi egiten zituzten gauez, eta gaur egun ere, hirira sartzeko harresiko bost ate zaharretakoren bat zeharkatu beharra da. Vianako kaleetan barna presarik gabe ibiltzea komeni da, oinetxe egundokoekin gozatuz, Vianako lehenaro loriosa erakusten diguten armarridun etxaurreetan arreta jarriz.

Hasteko, San Pedro elizaren hondakinak bisitatzen ahal ditugu (hotelaren alboan daude). Hondakin hauetatik inguruetako ikuspegi zoragarria izanen dugu: Kantabria mendikatea, Ebro ibarra, Logroño, Demanda mendilerroa, eta lehenaroan Kukula (tontorra euskaraz) deitzen zuten mendia, San Lorenzo gisa ezaguna gaur egun (2040 m.).

Navarro Villoslada idazle entzutetsuaren etxe aurretik pasatzean “Cantor de la raza vasca” dioen plaka ikusiko dugu. Aurrera eginez, Jasokundeko Andre Mariaren elizara iritsiko gara, eta arkitektura aparteko eliza honen handitasunak harritu eginen gaitu. Berebiziko portada du, 1530 eta 1560 urte bitartean eraikia, eta adituen esanetan errenazimentu garaiko harri-lanik esanguratsuena da Nafarroan. Haren oinetan dago lurperaturik Cesare Borgia, elezaharretako pertsonaia, Nafarroako Armadaren jeneral handia, Alexandro VI aita santuaren semea, Vianako lurretan hila 1507an. Elizako nabe gotikoetan altxor handiak daude gordeta. Nabarmentzekoak dira Luis Pareten margolanak, bera jotzen baita, Goyarekin bat, XVII. mendeko pintorerik onenetakotzat.

Andre Mariaren eliza ondoan dago Foru Plaza, hiriko bizitzaren erdigunea. Txoko berezia bihurtzen dute, harri-lan bikaineko Udal Jauregiak eta iturriak, bertakoek zein bisitariek estimatua berau. Atsedenerako gune dute hau Done Jakue bideko erromes nekatuek.

“El Coso” zezenketa Plazan Udaleko Zezen-balkoia nagusitzen da. Gune honetan zegoen gaztelauen erasoetatik babesteko gaztelu-gotorlekua. Zoritxarrez hormatal bakarra gelditzen da gaztelutik, garai loriosen arrasto isila bailitzan.

Harresiez landa San Frantzisko eliza eta komentua dago, eta elizako ate nagusian, Cesare Borgiaren busto burgoia.

Vianako udalerrian badira nabarmentzeko bi interesgune: batetik Las Cañas naturgunea, bertan bizi edo habia egiten duten mota askotako hegaztiengatik balio ekologiko handiko hezegunea. Erreserba honetan bada publikoari irekia Naturaren Interpretazio Zentroa, eta bertatik urmaeleko bizitza behatzerik bada, eta baita inguruko espezieen gainean informazioa jasotzea ere. Bigarrenik, Longarreko Hipogeoa, berriki aurkitua eta berreskuratua. 4000 urte inguruko lurpeko hilobi-monumentua da berau, Nafarroako originalenetako eta garrantzitsuenetakoa.

DONE JAKUE EDO FRANTSES BIDEA

Viana Done Jakue bideak Nafarroan duen etapa bukaeretako bat da. Frantses bidea izenez ere ezaguna denari esker, Vianak aberastasun kulturala, ekonomikoa, artistikoa eta espirituala ezagutu izan ditu. Bidearekiko harreman honek aztarna bat baino gehiago utzi ditu: Erromesen Ospitalea, areto gotikoduna (gaur egun Kultura Etxea), La Orden monasterioaren hondakinak, Cuevasko baseliza (Las Cañas urmaelaren inguruan), eta San Juan del Ramo komentuaren hondakinak (Arasko bidean). Bertan Karlos printzeak, Erresumako koroaren oinordekoak, atseden aro luzeak ematen zituen.

Gaur egun, Viana leku egokia da bide honetako etaparen bat bukatzeko, bertako kaleetako giroaz gozatzeko eta erromesekiko irekiak eta atseginak diren bizilagunekin jarduteko.

IBILALDIAK

Vianaren kokaleku estrategikoak, Errioxa eta Arabako mugan, berealdiko “oinarrizko kanpamentu” bihurtzen du hiria, bertatik hainbat paseo eta landa-ibilaldi egin baitaitezke. Kasu, egun osoko irteeretarako ideia zenbait proposatuko dizkizuegu:

– Inguruko herrietan barna ibilaldi turistikoa: Torres del Rio eta bertako Hilobi Santua, enbor oktogonaleko eliza erromanikoa. Enbor hau Tenpleko gainontzeko elizak baina altuagoa da, eta horrek ematen dio eliza honi ezaugarri berezia. Barnealdean, kupulako nerbioek zortzi puntako izarra egiten dute, eta horrek gogora ekartzen digu musulmanen lan moldea eta Kordobako meskitako formula arkitektonikoak.

Los Arcos hiriko kanpandorrea Nafarroako ederrenetarikoa da. Sorladako San Gregorio basilika, rococo garaiko altxorra da. Bertako ikuspegia zoragarria da. Forma bitxietako haitzak ere ikusten ahal dira. Kodes mendia, eta izen bereko monasterioa. Bertatik Ioar mendira egiten ahal dugu (1414) pagadi itxiei bide ematen dieten harrizko hormatzarren artean pasatuz.

– Lanaibarrera ibilaldia: Lanaibar enklabe geologiko bitxia da, eta bertan oraindik ere egur-ikatza modu tradizionalean egiten dute. Leku aproposa bertako bost herriak bisitatzeko.

– Ibilaldia Urederra ibaiaren iturburura: Urbasa mendiko natur parkearen barnean. Iturburura eramaten duen bidea glaziar zahar batek eginiko zirkuan barna doa. Esmeralda koloreko urek aintzat hartzen dute ibai honi jarri zitzaion izena, Urederrak euskaraz, jakina, ur ederra esan nahi baitu.

– Ibilaldia Arabar Errioxan barna: bisitatzen ahal ditugu Mantibleko zubi erromatarra, Guardia Erdi Aroko hiria, Choza de la Hechicera izeneko trikuharria, La Hoya herrixka, eta inguruko upategiak (Vianako Printzerri zaharra da hau), ongi merezitako fama dutenak.

– Bisita Logroño hirian barna, gozatu ahal izateko monumentuekin, gastronomia zabalarekin, eta merkataritza guneetako erosketekin.

JAI ETA OSPAKIZUNAK

San Anton (urtarrilaren 17an): bezperan suak egiten dira eta bertan baratxuriak, txorizoa, etab. erre.

San Felices (otsailaren 1ean): ospakizun berezia da arras, gogora ekartzen baitu 1219ko otsailaren 1 hartan Viana hiria eraiki zela, San Felices atarian lehen harria paratu zenean. Danbolinteroa kaleetan barna ibiltzen da eskola garaian dauden haurrei dei eginez. Mezatik ateratzean, agintariek moneta bana ematen diete, gogoan izan dezaten sortiria noiz eraiki zuten.

Inauteak (gozo-eltzearen igandea): Ihaute “ofizialen” ondoko igandean eta Garizuman bete-betean sartuta ospatzen da Vianako Inautea. Ohitura berria da, eta inguruko jende asko biltzen du, Vianako inautearekin jaia errepikatu asmoz. Parranda eta jostatzea nahinon Vianara urte garai honetan hurbilduz gero.

Cuevasko Ama birjinaren Erromeria (Pazko astelehena): Done Jakue bideko azken saindutegi nafarra, Cuevasko Ama Birjina benerazio handikoa da bianarren artean, eta egun horretan jende asko biltzen da baselizan. Eguraldi ona egiten duenetan, koadrila asko bertan gelditzen dira bazkaltzen eta jai giroak iluntzera arte irauten du.

“Vianako Hiria” Artisautza Feria: hiriko ikastolak antolatua Erramu igandean, Nafarroako eta inguruko erkidegoetako artisaurik onenetakoak biltzen dira bertan. Ehunaka bisitari hurbiltzen dira Vianara egun honetan. Feria girotzeko musika, dantza eta herri kirol ekitaldiak ere egiten dira. Kultur ekitaldiak ere izaten dira: hitzaldiak, erakusketak,…

Andre Maria Magdalena jaiak (uztailaren 22an): hiriko zaindariaren jaiak. Inguruan tipikoak diren festen modukoak: bigantxak, erraldoi eta buruhandiak, dastatze gastronomikoak, zezen-suzkoa, kontzertuak, etab.. Bezperan asten dira.

Nievako Ama Birjinaren jaiak (irailaren 8aren ondoko igandea): duela gutxira arte hiriko jai “nagusiak” izan dira, uzta bildu eta garia jo ondotik. Irailean ospatzen badira ere festa animatuak dira oraindik, eta merezi du bertara hurbiltzeak.

Asteburu Gastronomikoa (azaroaren 1eko astea): ospakizun honetan jatetxeek menu bereziak eskaintzen dituzte bertako berezitasunak dastatu ahal izateko. Gainera, hiriko zenbait elikagai enpresa ere bisitatzen ahal dira. Hitzaldiak antolatzen dira, eta hiriko ostatu eta jatetxe guztiek parte hartzen duten pintxo txapelketa egiten da, arrunt herrikoia bera.